Miguel Cuesta eta Aste Nagusiari buruzko lehendabiziko web orria

2015/09/28 | Comments Off on Miguel Cuesta eta Aste Nagusiari buruzko lehendabiziko web orria    e-Bilbotarrak

miguel-cuesta-1

Miguel Cuesta ingeniaria Bilboko Aste Nagusiaren lehendabiziko web orriaren sortzailea da. Baita Googlen eta Dirsonen aditua den lehen blogaren asmatzailea ere. Gaur egun energia berriztagarrien munduan lan egiten du baina honetara dedikatu baino lehen, informatika eta internet unibertsoaz maitemindu zen. Bat-bateko maitemin hau 1985ean eman zen, bere gurasoek Spectruma oparitu ziotenean.

Sarean burututako lehendabiziko bilaketa Euskadiri buruz izan zen, eta bidalitako lehenengo posta Blas Pedro Ubueruaga “Buber”-i, euskal kontuen inguruan lehendabiziko web orria sortu zuen amerikarrari, zuzendu zion. Cuesta “html” hizkuntza ikasi eta web orriak sortzen hasi zen. Lehena 1997an egin eta Geocities doako plataforman ezarri zuen. “Ez nekien oso ongi zein edukiekin elikatu nezakeen web-a, lagunei galdetu eta guztion gustukoa zen gaia atera zen: festak. Beraz, Euskal Herriko jaien zerrenda eskuratu eta web orrian jarri nuen”, oroitzen du Cuestak.

Denbora gutxira web-ak itzelezko arrakasta lortu zuen. “300 ikustaldi egunean inguru jasotzen hasi nintzen eta dozenaka posta”, gaineratzen du bere sortzaileak. Emaitzak ikusita, eduki gehiagorekin elikatu zuen orria, honela udako festen berri izateko behar besteko orrian bihurtuz. Orriak beste web orri desberdinetara bideratu zuen eta 1998an, Google bilatzailea agertu zenean, “Euskadi” hitza idaztean bere orria lehendabiziko bilaketen emaitza zen. Honez gain, 2006ko abuztuaren 1ean Wikipedian, Aste Nagusiari buruzko lehendabiziko sarrera igo zuen.

Garai hartan, Cuestak CAD softwarea erabiltzen zuen enpresa batean lan egiten zuen. Bere zeregina, Google eta Altavista bilatzaileen barruan, web orri desberdinen kokapena hobetzea zen. “Hitz egokiak eta esteka bakarra erabiliz konturatu nintzen bilaketen gailurrean kokatu al zintezkeela. Denbora gutxira honen emaitzak ikusgai bihurtu ziren eta bezeroen kopuruak gora egin zuen. Guztiek CAD softwarea nahi zuten”, adierazten du informatikari honek. Arloan aditua bihurtu zen eta bere blog propioa ireki zuen. Ikasi ahala ikusitako guztia publikatzeko. Honen ondorio Dirson jaio zen; SEO lanetan aritzen ziren pertsonentzako erreferentzia orria. Bertan, Googleri buruz jakin beharreko guztia agertzen zen.

Hala ere, aipagarriena da web gunea nor berak asmatutako programa batekin eginda zegoela. Gaur egun WordPress da programa erabiliena blogak eta web guneak sortzeko, baina garai hartan ez zen existitzen eta doako plataformek muga batzuk zituzten. Cuestak esaten zuenez, “hasieran albisteen topaketa lan gogorra zen, baina laster denak hobera egin zuen eta urte luzez diru gehigarri bat ateratzeko bide erosoa izan zen”.

Comments are closed.