Javier Alonso, bilboko lehen ziberkafeko sustatzailea

2015/09/28 | Comments Off on Javier Alonso, bilboko lehen ziberkafeko sustatzailea    e-Bilbotarrak

santiago-javier-alonso-2

Gaur egun Bilboko taberna ia gehienek internetera dohainik konektatzeko aukera eskaintzen dute. Wifi hitza guztioi ezaguna egiten zaigu eta gure egunerokotasunaren parte bihurtu da. Baina berez, oso berria den zerbitzua da eta sarean nabigatzeko ireki dizkigun ateak, bizpahiru urte lehenago, imajina ezinak ziren.

Santiago Javier Alonso Dominguez bere garaira aurreratu zen. Etorkizun oparoa izan litzakeen bidea ikusi eta lehen urratsa eman zuen. 1996ko otsailean Bilbo hiriko lehendabiziko ziber-kafea ireki zuen. “Liluratzen ninduen interneten mundua, eta jakin banekien Madrilen bat irekita zegoela eta Londresen hamaika bat zeudela”, adierazten du aitzindari honek. Alonso Uruguain jaio zen baina 1978an bere gurasoen jaioterrira bueltatzea erabaki zuen. Bertan bere sustraiak ezarri eta ireki berriko negozioak interneteko zerbitzua izatea erabaki zuen. “Garaiko ordenagailu berrienekin hasi, lau Pentium-ekin, eta laster hamaika izatera heldu ginen”, oroitzen du Alonsok.

Kafetegia Ingeniaritza Eskolaren aurrean dago. Beraz, jabeak uste zuen, bezero gehienak ikasleak izango zirela. Baina ez zen hala izan. “Emakumeak, gizonak, gazteak, helduak” adin eta genero guztietako pertsonak hurbiltzen ziren bere tabernara. Denek nabigatu nahi zuten, internetek zabaltzen dituen ateak ireki. Baina, “duda barik web orri bisitatuenak ligatzekoak eta pornoa ikustekoak ziren”, gaineratzen du tabernariak. Gaur egun tabernetako wifi-a dohainik erabiltzen da, baina garai hartan sarera konektatzeagatik ordaindu behar zen: ehun pezeta orduro. Honez gain, merkeagoa izateko Alonsok ere hamar orduko bonoak kaleratu zituen.

Garai hartan internet izatea ez zen batere merkea eta bigarren telefono linea baten beharra zegoen, bestela etxeko telefonoa erabilgaitza gelditzen zen. Hori dela eta, gutxi batzuk ziren etxean sarea izateko aukera zutenak. Beraz, “lehendabiziko urteetan ideia oso arrakastatsua izan zen”, adierazten du jabeak. Ondoren, teknologiak aurrera egin zuen eta sarea lantoki eta etxe ia gehienetara heldu zen. Orduan Alonsok ordenagailu gehienak kendu behar izan zituen eta gutxi batzuk soilik utzi atzerritarrentzat.

Urteak aurrera ahala, ziber-kafetegiak, bideo-kluben antzera, desagerrarazten hasi ziren. Iragan hurbila zaigu, baina aurrerapen teknologikoek hau posible egin dute. Oraindik, gutxi batzuk geratzen dira non bezeroek sarean nabigatzen dute kafe gozo bat dastatzen duten bitartean. Baina hau kontuan izanik, ez al dira gaurko kafetegi guztiak ziber-kafeak? Edonon konektatu zaitezke internetera: nabigatu, informatu, komunikatu edo lan-egin. Baina gaurko ziber-kafetegien kontzeptua ez da lehenago aipatutako berdina. Orain wifi-a da nagusi, mahai ordenagailuak desagertu dira eta tabletak, smartphone-ak eta ordenagailu portatilak sarean murgiltzeko tresna erabilienak bilakatu dira.

Comments are closed.